AMAIERAKO OTOITZA
Maria,
Jaungoikoaren eta gure Ama:
Kanango
ezteguetan jarraibiderik
onena
emon deuskun:
“Egizue
Berak esaten deutsuena “.
Gaurko
batzarra amaitzean,
eskerrak
emoten deutsuguz,
eta
argia eta indarra eskatzen,
Zure
Semearen erakutsiak
zuzen
ulertu eta
bizitzara
behar dan lez eroateko;
gure
anai-arreba diran gizakien alde
jokatu nahi dogu,
salmogilearekin
esan ahal izateko:
“Zahartzaroan
ere frutu emoten jarraituko dabe”.
GARIZUMA ALDIA
GARIZUMAKO III. DOMEKEA "C"
l. Gizakiak bere ahalmenez aldatu ahal dau bere bizikerea, ohiturak, jokaerak etabar. Ez da
halan-beharrez gauzak egitera behartua.
Horretarako bere bizitzan egitasmo edo ideal eder bat izan behar dau, eta bere eraginez,
pentsakerak eta nahierak aldatu, eta pausoak norabide barrietara begira jarri. Bestelan barruko
eraginak eta inguruko haizeak noranahi eroango gaitue, behar ez diran gauza askotara eraginez.
Eta...txarrena, urtean joan galduz. Garizumea aukera ederra dogu, geure eta etorri, beti
txatxarkerietan denporea alperrik bizitzari sakonetik begiratzeko, Jesus aurrean dogula.
2. Garizumako bidea, kristau garean aldetik, horretarakoxe dei bat da: Jaunaren Berbearen argi
tara, eta sakramentuen eraginez, geure burubideak zuzendu, moteldu jakun gogoa bizkortu eta
okerbidetik urteteko, Ebanjelioko bideetara bihurtuz. Hau ezin dogu geuk bakarrean egin;
lehenengo eta bat, Jaunaren argia behar dogu, otoitzean eta ekinean lortu behar doguna; eta
lagunartea ere bai: hor doguz Bizian Gorako hamabosteroko batzarrak, tokatzen jakun egun
osoko konbibentzia. Ez daigula ahaztu hau bakotxak geuretzat egiten dogula. Aukerak
aprobetxatzeko dira; zelan jokatzen dogunaren arabera, kontuak emoteko ere bai.
. Jauna, biderako argia zaitut,
Zu zara nik itxaron dodan Salbatzailea.
Nundik norakoak dira ezkutuko bildur honeek?
Noren bildur naz, Jauna?
Bizitzea bidekurutze bat lez da,
eta sarri noraezean aurkitzen naz,
ez dakit nundik nora jo.
Zugan sinisten dot, Jesus Jauna,
Zu zara nire bizitzaren zaintzailea.
Nok ni ikaratu?
. Ondo dakit Zuri jarraitzea bide latza dana.
Bidean zehar estropezu eta arrisku asko dodaz,
ingurutik hara eta hona tirakada asko.
Baina Zurik jarraitzen badeutsut konfiantza osoz
bideko traba guztiak jausiko dirala, udazkeneko orbelak lez.
JESUKRISTOREN EBANJELIOA SAN LUKASEN LIBURUTIK: Lk 13, 1-9
Aldi haretan etorri jakozan Jesusi batzuk, Galilear batzuei jazotakoaren barri emoten: Pilatok
Galilear hareen odola euren opariekin nahastau egin ei ebala. Jesusek erantzun eutsen: Uste
dozue Galilear horreek beste Galilearrak baino pekatariago zirala, holango azkena izan ebelako?
Ezetz dinotsuet; eta bihotz-barritzen ez bazaree, guztiok bardin galduko zaree”.
Eta Siloe-ko torrea gainera jausita hil ziran hamazortzi hareek ere, uste dozue beste
jerusalendarrak baino errudunago zirala? Ezetz dinotsuet; eta bihotz-barritzen ez bazaree,
guztiok bardin galduko zaree”.
Eta parabola hau esan eutsen: “Ikondo bat eukan gizon batek, bere mahastian landatuta. Eta
iko-bila etorri, eta ez eban aurkitu. Orduan esan eutson mahastilariari: “Badira hiru urte, ikondo
honetara iko-bila natorrela, eta ez dot ikorik aurkitzen. Ebagi egizu. Zertarako euki lurra
alperrik?” Mahastilariak, ostera, erantzun eutson: “Jauna, itzi egizu aurtengoz; ingurua hatxurtu
eta ongarrituko dot, ea fruturik emoten dauan. Bestela, datorren urtean ebagi egingo dozu”.
a) Eguneroko albistariak zoritxarrez beterik jatorkuz gehienetan. Jakina, bide txarretik ibili
ezkero.. Eta nor dabil beti zuzenetik? Ez ahal dogu danok zuzendu beharrik? "Bihotz-barritzen
ez bazaree, guztiok bardin galduko zaree”. Orduan, ez dau balio esateak: Gu baino
txarragorik bada, gu lege-barruan bizi gara... Dana dala, nor ez hobetu beharrean? Ni, zu, hori
garan baino hobeak bagina, zer aldatuko litzake gure etxean, auzoan, parrokian? Garizumea ez
da azaleko planta batzuk egiteko, sakonera jo eta geure burua hobetzeko baino. Kurutzean
gugaitik hil Danari begiratu eta entzun egiozu, ea zer eskatzen deutzun. Bera da Garizumako
bidean gidari.
b) Jesusen ipuin parabola honek zer adierazo nahi deuskun nahiko argi dago. "Iko-bila etorri
eta ez eban aurkitu". Iko arbola horren lekuan jarri bakotxak bere izena, eta bere bizitza eta ea
Jesus gugandik jasoten dauan erantzunagaz konforme dagoan. Benetako santuak beti aurkitzen
eben eurengan zer hobetu, zer aldatu. Beti aurkitzen eben inguruko lagunartean norengandik zer
ikasi, eta bai ahaleginak egin ere honetan edo horretan, euren antzeko izateko. Guri ere etorriko
jakuz holango deiak, ezta?
d) Urte barrian sartuta aurrera goaz. Beste urte bat gehiago bizitzan. Hau opari ederra! Baina ez
alperrik galtzeko, edo denporapasa hutsean emoteko. Igaz baino hobea izan beharrean gagoz,
zeozetan “Jaunaren izenean” gehiago egiteko. Bizian Gora laguntza egokia dogu: egunero
errepasutxo bat, batzarretan pare gehiago hartu.. Gogoan hartu Jesusen parabolako mahastilariak
esandakoa "Jauna, itzi aurtengoz; ingurua atxurtu eta ongarrituko dot, ea fruturik emoten
dauan". Geure bizitzara ekarrita, zer da atxurtzea eta ongarritzea?
OTOITZA: Zeure bihotz-ondoan landatutako landarak gaituzu, Jauna. Luzaroan
zaukaguz frutu ederragoaren zain; aurten zatoz Garizumaz ni ongarritzen, hainbeste
aukera eskeiniz. Eskerrik asko, Jauna, aukera guztiok gaitik; atera nagizu
"betikeritik", barriztu Zeuk nire bihotzeko lurra.
GARIZUMAKO II. DOMEKEA “C”
1. Sarri uste izan dogunez, zenbat-eta penitentzi latzagoak egin, orduan-eta santuagoa dala bat.
Bai zera! Kristau fedearen helburua eta ezaugarria ez da penitentzia, sufrimentua, bizitza baino.
Nok penitentzi gehiago egin ibili baino, ez al da hobe nok urkoari gehiago lagundu? Jesusen
jarraitzaileen ezaugarri ez da penitentzia, baraua, bijilia etabar; Jesus ez zan penitentzizalea;
bere jarraitzaile bagara, nahiko penitentzi sortuko jaku, nahiko buru-ukatze... Garizumea
penitentzi egiteko baino gehiago, Jesus ezagutzeko eta Berari jarraitzeko da. Zer deritxazu?
2. Garizumeak beti ekarri deuskuz gogora barau-bijiliak, gozamen batzuek geure buruari uka
tzea, eleizkizun berezi batzuetan parte hartzea etabar. Baina guzti hau bidea da, bizi barria be
rreskuratzeko: garizumea ebakuntza bat lez da, biziaren alde. Baraua, penitentzia, limosnea eta
otoitza aitatzen ditu Jesusek ebanjelioan; baina “Aitaren aurrean”, gelako atea ondo itxita,
ezkutuan, inok ez dakiala... Ez ahaztu: Garizumea Pazkurako bidea da, bizi barriaren bila bidez
bide, Jesus bera aurrean dogula.
JAUNAGAZ NAGO, EZ NAZ GEHIAGO BILDURTUKO.
.
Jaungoikoagana jaso dot bihotza, oihuka nago,
Jaungoikoagana nire deadarra, entzun nagian.
Eta larritasunen erdian hau nire kezka eta itaun larria:
“Betirako zapuztu ete gaitu Jaunak?
Ez ete dogu gure alde izango aurrerantzean?
Agortu ete da betirako Haren maitasuna?
JAUNAGAZ NAGO, EZ NAZ GEHIAGO BILDURTUKO
.
Lehenagoko aldietan lez,
gure herria ere norazean dabil, Jauna,
bere historiako aldi txarretan lez.
Gaur egun, Jauna, behartsu eta pekatari ikusten dogu geure burua;
ateo, sinisbako, eta haundi harroputz lez gabiz,
mila sasijainkotxoen artean.
JAUANAGAZ NAGO, EZ NAZ GEHIAGO BILDURTUKO.
JESUKRISTOREN EBANJELIOA SAN LUKASEN LIBURUTIK: Lk 9, 28b-36
Aldi haretan, hartu zituan Jesusek Beragaz Pedro, Santiago eta Joan, eta mendira igon
eban, otoitz egiteko. Otoitzean egoala, haren arpegia antz-aldatu eta Haren jantzia zuri
diztiratsu egin zan. Honetan, gizon bi egozan Haregaz berbetan: Moises eta Elias ziran,
aintzatan agertuak; eta Jesusek Jerusalenen jasan behar eban heriotzaren gainean berba egiten
eben. Pedro eta lagunak loguraz erreta egozan; baina itzartu ziran eta Jesusen aintza eta
Beronegaz egozan gizon biak ikusi ebezan.
Honeek Haregandik alde egiterakoan, Pedrok badinotso Jesusi: “Maisu, bai ederto
gagozala gu hemen! Egin daiguzan hiru txabola: bata Zuretzat, bestea Moisesentzat, eta bestea
Eliasentzat”. Ez ekian zer inoan ere.
Hau esaten egoala, hodei bat sortu zan, eta estaldu egin zituan, eta hodeian sartzean
bildurrak hartu zituan. Hodeitik ahots bat entzun zan: “Hauxe da nire Semea, nire aukeratua.
Entzun egiozue”. Ahotsa isiltzean, Jesus bakarrik egoan.
Ikasleak isilik egon ziran, eta egun hareetan ez eutsoen inori esan ikusitakorik ezer.
a) Edozein gauza bizi -gizakia bera ere barruan dala- ez da helduten, bizitzaldiko gazi-gezak
ondo hartzen eta beraganatzen ez baditu: biderdian arjota, edo erdieginean geldituko da. Jesus
Berak ere izan zituan argi-ilunak: "Hauxe da nire Semea, nire Aukeratua. Entzun egiozue".
Aitak onartzen, bedeinkatzen dau Jesus eta bere bizitza osoa. Zeuk ere izango zenduan bizitzan
antzeko gozoaldiren bat: Angosto,Benidor, Gaurdamar, kurtso barruan... Kontau alkarri, ez da
zeuk isilean gordeteko zerbait, Jaunak besteei laguntzeko ere emon deutsu hori.
b) Gozoak ez gaitu hain errez aspertzen, nahizta sarri kalte egin; garratza nundik eta zelan
aldenduko ibiltzen gara, nahizta sarri mesedegarri izan. Halan ikusten dau Pedrok Tabor
mendian: "Maixu, bai ederto gagozala gu hemen...Ez ekian zer inoan ere". Hemen ez egoan
bere Maixua ukatzeko, geroago nekaldian lez. Esperientzi bikotx hau danok dogu, geugan sarri
bizi izan dogu. Gozoak ala garratzak ateraten gaitu errezago geure bidetik? Samintasunak ala
gozotasunak? Nok ez dau honen esperientzirik?
d) Badira kasuak gozotasunak senetik ateraten gaituana, eta sufrimentuak senera ekarri.
Gozotzasunean errez galtzen dogu neurria; sufrimentuan errez joten dogu lurra. Bien arteko
ekilibrioa, oreka gordetea da gizatasun helduaren ezaugarria. Egia esan, eta geurera etorrita,
Bizian Gora bidean ere laster ezagutzen dira egun bateko, aste beteko edo hamabost eguneko
konbibentzietan parte hartzen dabenak eta ezinez edo atxakiz errez izten dabenak.Tabor aldiko
gozaldiak beharrezko doguz, Kalbario aldiko garratzaldiak ondo eroateko. Pedro eta lagunak
ere Taborren gozotasunez mozkortuta sentitzen dira; baina Pasinoko ilunpean lurjota. Ondoren,
eta Espirituaren argiz lagunduta, helduten dira oreka batera, sendotasunera. “Ez esan inori
ikusi dozuena, arik eta Gizonaren Semea hilen artetik biztu arte” (Mt 17,9). Geure
bizitzara etorrita, zer dinosku Jesusek gaur guri?
OTOITZA: Aitaren Seme maitea zaran Jesus! Ez zinduzan gozaldiak zorabiatu, ez nekaldiak
zeure senetik atera. Gozo-garratzetara egina zengozan, bietan Aitarekin leial eta esaneko.
Horretan agertu zenduan zure seme eta aukeratu izatea. Emoiguzu zeure gozotasunetik,
nekaldian ere gogotsu jarraitu ahal deizugun azkenera arte. Aita ona, hartu gaizuz zeure seme
alabatzat Jesusekin batera.
GARIZUMAKO I. DOMEKEA "C"
1. Garizuma! Zenbat kontu eta esperientzi datozan gure gogora Garizuma aitatzean! Haundi
haundika gogoratu daiguzan batzuk. Gaurko girotik begiratuta, zetan aldatu gara onera, edo
txarrera? Dana dala, Garizumea bizi beharra dogu, zelan edo halan kristau-bizitzak berak
eskatzen deusku holako zeozer egin beharra. Kotxe, papera, tresna etabar ere birziklatu egiten
dira; ta gizakia bera ez? Gorptzeko osasuna zaintzeko, zenbat joan-etorri eta hartuemon
osagileagaz! Eta kristau bizitzari, espirituzko eginbeharrei dagokienez, zer? Behin eta betiko
egin eta kito?
2. Kristau lez bizi beharrak, Jesusen jarraitzaile izan beharrak, ahalegin bereziak eskatzen
deuskuz, gorputz-bizitzak bere ardurak eskatzen deuskuzan lez. Garizumako bost aste honeek
aukera ederra doguz gure fede-bizitzan txekeo zehatz bat egiteko. Hasieratik bakotxak gogo
beroz erabagi behar dau; erantzunean emoten dogu gure maitasunaren eta eskerronaren neurria,
gugaitik kurutzean hil Zanaren aurrean. Garizuma bide bat dala, Jesusi hurreragotik jarraitzeko;
Beragaz bizikera nasaira hil eta bizi barrira birjaioteko. Horixe litzateke birziklatzea. Penagaria
izango litzateke horren preminarik ez sentitzea! Txarrago, preminea sentiduta, gerorako iztea.
. Zaindu nagizu, ene Jainko,
nire gordelekua Zeugan dago eta.
Hauxe dinotsot Jaunari:
ZU ZAITUT, JAUNA, ONDASUNA.
. Bizitzarako bidea erakutsiko deustazu,
atseginez beteko nozu zure aurrean,
betiko pozez zure eskumaldean.
Aintza Aitari, eta Semeari eta Espiritu Santuari,
lehen lez orain eta beti, gizaldi eta gizaldietan. Amen
JESUKRISTOREN EBANJELIOA SAN LUKASEN LIBURUTIK: Lk 4, 1-13
Aldi haretan, Espiritu Santuaz beterik bihurtu zan Jesus Jordanetik; Espirituak erabili
eban basamortuan berrogei egunez, eta deabruak tentaldian jarri eban. Ez eban ezer jan egun
hareetan; eta azkenean gosetu egin zan. Deabruak esan eutson: “Jaungoikoaren Seme bazara,
esaiozu harri honi ogi bihurtu daitela”. Eta Jesusek erantzun: “Idatzita dago: “Gizona ez da ogiz
bakarrik bizi”.
Gero leku goi batera eroan eta deabruak lurreko erreinu guztiak erakutsi eutsozan une
baten, eta esan eutson: “Guzti horreen agintea ta aintza emongo deutsut; izan ere, neuri emon
deusteez, eta nik neuk nahi dodanari emoten deutsadaz; beraz, gurtzen banozu, zeurea izango
da dana”. Jesusek erantzun: “Idatzita dago: Jauna, zure Jaungoikoa gurtuko dozu, eta Bera
bakarrik serbiduko”.
Orduan, Jerusalenera eroan eta jauretxeko teilatu ertzean ipini eban, eta esan eutson:
“Jaungoikoaren Seme bazara, bota egizu zeure burua hemendik behera; idatzita dago-ta: “Bere
aingeruei aginduko deutse zu zaindu eta onik atarateko”; eta “eroango zaitue eskuetan, zure
oinak jo ez dagian harrietan”. Honan erantzun eutson Jesusek: “ Aginduta dago: “Ez tentatu
Jauna, zure Jaungoikoa”. Eta tentaldiak amaituta, alde egin eban deabruak, beste batera arte”.
a) Jesus Bera dogu betiko Maixu eta gidari, batez ere Garizumako bidean: basamortuko
penitentzi eta burruka gogorrean hasi eta kurutzeko heriotz latzean burutzeraino. Amaitu, ez da
Kalbarioko lurpean amaitzen, biztuera pozgarrian baino. Horretarako, Jesusen erantzuna hartu
gogoan: "Gizona ez da ogiz bakarrik bizi". Zer gehiago behar dau, ba? “Ogia”kasu honetan
gorputz bizitzarako behar dan guztia da. Nahizta horretan nahi dan guztia euki, fededunontzat
ez da nahiko. “Gogoko lekuan, ez dago aldaparik” da esaera zaharra. Bizian Gorako batzarrak
aldapa gora egiten ete jakuz ba? Seinale ona litzateke? Zelango atxakiak aitatzen dira holango
gauzetan parte hartu behar danerako?
b) Munduan gabiltzala, Jainkoagazko hartuemonetan hoztu egiten gara, eta gure bihotza
sasijainkotxo askoren artean erdibanatzen hasten gara errez. Garizumako jardunaldiak
bideratzen gaitu, Jainkoa bere lekuan, eta beste guztiak ere euren lekuetan ipiniz: "Jauna, zure
Jaungoikoa gurtuko dozu, eta Bera bakarrik serbiduko". "Gurtu", "Serbidu". ..Hor dago
untzea. Ulertzen? Gauza bat da gustatzea, komeni izatea, gehiengoak egiten dauana egitea...
Zetan ipiniko geunke “gurtzea”, serbitzea”?
d) Jesusek Berak erantzun eta argitu eutson deabruari zer dan gizonaren benetako janaria,
betegarria: “Gizaki ez da ogiz bakarrik bizi, Jaungoikoak esaten dauanetik baino”. Egia,
gauza danak dira gizakiarentzat, baina gizakia bera Jaungoikoarentzat. Hori da kristau dotrina.
Jaunaren Berbeak argitzen deusku bidea, berak askatzen gaitu eta zaindu gizarteko
esklabukerietatik; horrek egiten gaitu gauza guztien jabe, eta ez morroi. Hona hemen guretzat
Garizumako eginbehar nagusia: Jaunaren Berbea irakurri, hausnartu, bihotzean gorde eta
bizitza osoa haren erara moldatu. Bizian Gorak eskura emon deutsu Jaunaren Berba hori;
Berba horixe da gure batzarretako gidari eta janari. Holan al da zuretzat? Zenbat denpora
emoten deutsozu egunero?
OTOITZA: Jesus Maixu ona! Garizumaren hasieran, basamortuan Zeuri jarraitzera dei egiten
deustazu: "Pazkuetan Nigaz batera bizibarritu nahi badozu, zatoz Garizumako bidean Neugaz
batera, Aitaren Berbea entzunez, zeure burua ukatuz eta kurutzea besarkatuz. Eskerrik asko,
Jesus, ez dot alperrik galdu nahi aukera barri hau. Itzartu nagizu lotatik, bixkortu nagikeritik.
URTEAN ZEHAR
URTEAN ZEHARREKO VIII. DOMEKEA "C"
1.- Nok esan eban hau lehenengo? Nok egin dau gehien mundua barriztu eta
bideratzeko? Ez da harritzekoa fededun eta fedebakoak autortzen dogu Jesus dala
munduan agertu dan gizonik haundiena. Eta aldatu dogula dinogu. Hobera ala
okerrera? Gure familiak, etxeak, auzotarrakaz hartuemonak…hau danau ikusita
mundu barria dala... Baina lehengoa baino hobea. Gogor egiten jaku txarrago dala
esaten badogu. Zetan aztertzen dogu hobea ala txarragoa ddala esateko? Ni, zu,
bestea lehengo mundu zaharrean ala gaurko barrian gara zintzoago, jainkozaleago,
ongileago? Zetan esango zeunke hobetu dogula eta zetan okertu?
2.- Txarrena aldatu behar hau danetara zabaldu jaku: lehengo zaharra txarra; barria,
gaurkoa, modakoa bada, hori da gaurkoa bestebarik? Zertan igertzen deutsazu hau
edo bestea hobea dala esateko? Nor dogu horretan maisu zuzena? Lehengotik zer
gelditu jaku bizirik? Zergaitik txatzat edo hobetzat botaten doguz ohitura, hartuemon
eta abar? Ze ispilu jartzen dogu aurrean, JESUS bai?
On da Jaunari eskerrak emotea,
doizean iragartea zure maitasuna
eta gauez zure leialtasuna.
Palmondoa lez loratuko da zintzoa,
Libango tantaia lez haziko da;
Jaunaren etxean landatua,
gure Jainkoaren atarietan loratua.
Emongo dabe frutua zahartzaroan ere,
Mardul eta godin egongo dira.
iragarriko dabe zein zuzena dan Jauna,
nire Harkaitza, Beragan gaiztakeriarik ez daukana.
JESUKRISTOREN BARRI ONA SAN LUKASEN LIBURUTIK
Aldi haretan parabola hau esan eutsen Jesusek bere ikasleei: “Itsu bat jarri ete leiteke
beste itsu baten itsu-aurreko? Ez ete biak zulora jausiko? Ikaslea ez da irakaslea
baino gehiago ; ondo ikasia danean, bere irakaslea haina izango da.
Zetan zagoz anaiaren begiko samarrari begira, eta ez zara konturatzen zeure begian
dozun hageaz? Zelan esan zeinkeo zeure anaiari: “Anaia, itzi egidazu zure begiko
samarra ateraten”, zeure begiko hagea ikusten ez dozula? Itxura-zale hori! Atera egizu
lehenengo zezure begiko hagea, eta orduan garbi ikusiko dozu, anaiaren begitik
hagea aterateko. Ez da zugatz onik, frutu txarrak emoten dituanik; ezta zugatz txarrik
ere, frutu onak emoten dituanik;. Zugatz bakotxa bere frutuetatik ezagutzen da.
Elorritik ez da ikorik batzen, ezta sasitik mahatsik hartzen. Gizon onak frutu onak
ateraten ditu bere bihotzeko gordailu onetik; eta gaiztoak txarra, bere gaiztotik;
bihotzean ugari dagoanetik berba egiten dau ahoak”.
a.- Jesus Jaunak bere barruan euskarri sendoak eukazan. Aldaketa sakonak zabaldu
ebazan, bai bizitzari buruz, bai erlijinoari buruz. Aldatu bai, baina zergaitik eta
zetarako? Gizakia gero eta jakitunago doa, Jaunak bere eskuan ipini dituan dohai
ederrai esker, Jaunak hasieran hor lurraren sekretuan ereindako haziak bistaratzen
dihardugu gizakiok. Puntua zera da: Jainko bakarra zokoratu eta geure burua ipini
dogu buru. Bere burua egin dogu Jainko, baina holan jainkotxoak ugaritu egin dira. Eta
zer deritxazu: hobeto goaz? Gu lehengoak gara; lehengoa eta gaurkoa ezagutzen
doguz. Zer aldaketa ezagutzen dogu, etxean, auzoan, eleizan,,,? Zergaitik aldatu
zeuk? Libreago zara? Pozago bizi zara?Jainkoagana hurreratu egin zara, ala
Beragandik aldendu?
b.- Jesusek ulertzeko moduan berba egin deusku. Jakina, bere eskolea Aitagan ikasi
dau, horregaitik da zuzena, maitekorra, askatzailea, gizakia bere buruaren jabe
eginaz. diruz, armaz, haundikeriz bizi dan munduak zer dinosku? Euki, jantzi, jan
edanak iruntzi eta alperrik galdu, hainbeste gosez hilten ikusita… baina Jesus ez dator
bat jokabide horreekaz: “Ez da zugatz onik frutu txarrak emoten dituanik; ez da
zugatz txarrik frutu onik emoten dauanik; arbola bakotxa bere frututik ezagutzen
da” Gero ondorenak ateraten ditu. “Gizon onak frutu onak ateraten ditu bere
bihotzeko gordegailu onetik, eta gaiztoak txarrak”. Zer deritxazu Jesus maisuaren?
pentsaera hau? Argiago ezin? Holango argitasunez eta zuzentasunez egiten dozuz
aldaketak zeure bizitzan?
OTOITZA: Aita-Ama Jaingoiko laztana! Zeu zara danetatik zaharrena eta
gazteena. Zeuk dakizu, inok jakitekotan zer dan gizakia eta zer behar dauan
zoriontsu izateko. Zuzendu egizuz munduko jakitunak eta haundi-maundiak, eta
ezagutu dagiela zu zarala Haundiena. Argitu eta sendotu bide onean gu
nagusiok. Berreskuratu daiguzan gure artean galdu diran ohitura eta bide
zuzenak. Ez gaizala bide gtxarretara eroan. “Atera gaioizuz gatxetik”
URTEAN ZEHARREKO VII. DOMEKEA C
a.- Geure esperientziz ikusten eta bizitzen dogulako gaur Jesusek dinoskuna. Eta
Jesusen lurreko bidean trabarik haundienetarikoa egiten deuskuna: alkarri parkatzea,
bakeak egitea. Aztertu gaurko munduaren ibilbidea eta ikuspegia: sunami antzeko
hasarreak eda baztarren hondamendia sortzen dau, olatuen indarrez baztarrak
hondatuz. Antzera baten agertzen jaku gaur bizi dogun mundua. Han edo hemen
gerra soinua, etenbako burruka odoltsua, eta mundua zati bitan edo gehiagotan
batera armagintzan eten barik. Ezin bakerik egin, bata amaitu orduko, beste bat
biztuta. Giza taldeak han-hemen batera kalez kale negarrez eta oihuka bakea eta
bardintasuna eskatzen, familiatik hasita, zer egoera ikusten dozu munduan eta
Eleizan?
b.- Eta, besteak beste, geuk eleiz bizitzan zer ikusten dogu. Badogu bakerik, badogu
bakeak egiteko itxurarik? Kale eta famili, auzo eta Eleiza…zer esaten eta entzuten
da? Bakeak egin eta alkarlana bakez eta maitasunez konpontzen? Guk geuk zeri su
emoten deutsogu gehiago: bakeak egiteari ala hasarreari? Zetan eta nun ikusten
dogu burruka gehiago?
Nire gogoak Jainkoagan bakarrik atsedena,
Bera bakarrik dot harkaitz eta salbamen,
Nire babes; ez dot dardararik egiten.
Haregandik nire salbamena.
Jainkoagan bakarrik izan egizu atseden, ene barrua,
Beragandik datorkidalako itxaroten dodana.
Bera bakarrik dot harkaitz sendo, nire iheslekua.
Itxaron egiziu Harengan eten barik.
JESUKRISTOREN BARRI ONA SAN LUKASEN LIBURUTIK Lk 6, 27-38
Aldi haretan esan eutsen Jesusek ikasleei: “Hauxe dinotsuet Nik entzuleoi:
Maitatu egizuez arerioak; egin on, gorroto deutsuenei; bedeinkatu
madarikatzen zaituenak; egin otoitz txarto esaten deutsuenen alde.
Matraila baten joten zaituanari, eskeini egiozue bestea ere; eta zure soin
gainekoa kentzen deutsunari, ez ukatu jantzia.
Eskatzen deutsunari emoiozu; eta zure soingainekoa kentzen deutsunari,
ez ukatu jantzia.
Eskean datorkizunari, emoiozu; zeurea kentzen deutsunari, ez
bihurtuerazo; egin besteei, eurak zuoi egitea nahi zeunkeena. Maite
zaituenak maite izanik, ze esker on zor jatzue? Pekatariak ere egiten
dabe beste horrenbeste. Ordaina hartzekotan aurreraturik, ze esker on zor
jatzue? Pekatariak ere aurreratzen deutse pekatariei, gero ordaina
hartzekotan. Zuok, ostera, maite egizuez zuen arerioak; egin on eta
aurreratu, ordainaren zain egon barik, eta zuen saria handia izango da eta
Goi-goikoaren seme izango zaree; Bera ere ona da-ta gaiztoekien eta
eskertxarrekoekin. Izan zaitez errukiorra, zuen Aita errukiorra dan lez.
Ez epaitu eta ez zaitue epaituko; ez kondenau eta zaitue kondenauko;
parkatu egizue eta parkatu egingo jatzue; emon, eta emongo jatzue: neurri
zabala botako jatzue altzora, eta betea, eragina, gainezkakoa. Zeuok
darabiltzuen neurriaz izango zare neurtuak”.
a.-Jesus errukiaren eta on egitearen aldedeko da. Gorrotoa eta haundikeriak kendu
eta gizon-emakumeak alkar zerbitzen, alkarri laguntzen, ondasunak konpartitzen ikusi
nahiago dau. Jesusen agindu nagusi eta bakarra MAITASUA da: “Maitatu egizuez
arerioak, egin on gorroto deutsuenei, bedeinkatu madarikatzen zaituenak”. Zer
deritxazu Jesusen bide nagusi honi? Zetarako gogoa emoten deutsu?
b.- Posible ete irakasle hobe bat? Bakotxak norbere aldetik ahalegindu ezkero…Gure
hartuemonak eta `pentsakerak sarri aztertu behar doguz, ea Jesusen bidekoak ete
diran. Jesus buruko pentsamentu eta bihotzeko sentimentuetaraino sartzen da. Ez
dau onartzen azaleko eta itxurazko bakea, bihozetik datorren maitasunak eta
parkamenak aginduta. Hau geuk bakarrean bete ezinezko agindua da. Horregaitik
gure Jaunartu, otoitz egin, norbere burua Jesusen aldera bihurtu eta aurrera.
OTOITZA: Jesus Jauna, Zu zara munduan agertu dan gizonik haundiena, baina geu,
zeure jarraitzaleok gara kaxkarrak. Jauna, bigundu gure bihotzak. Egin gagizuz
errukitsu eta zerbitzari. Zeure antzeko. Gabiltzan lekuan gabiltzala zure usain gozoa
nabaritu daitela ingurua. Jarraitu, Jesus laguna, gure bitartez on egiten lehenago
begibistan Zeuk egiten zenduana.
URTEAN ZEHARREKO VI. DOMEKEA “C”
1. Berezkoa dogu gugan oinarrizko jokera hau: Geure bizitzaren oinarri segurua
eskuratu nahia: gure osasuna, zoriona, bihar-etziko bizimodua... Hortik sortzen jakuz
etenbako kezkak eta bildurrak, sarritan gehiegizkoak, gaur eta hemen daukagunagaz
ez gozatzeraino, egundo zoriontsu ez izateraino. Bihar zer etorriko arduraz, gaur eta
hemen doguna aintzat ez hartzeraino. Eta Jaungoikoa noizko edo zetarako?
Lainoetan ala zeure bizitza barruan bizi dozu Beragazko esperientzia?
2. Miloika asko izan dira, eta dira gaur egun ere, daukenagaz eta diranagaz
konformatzen diranak; eta uste dogun baino gehiago dira, eurak daukena
alkarbanatzen dabenak ere. Eta zoriontsu dirala agertzen dabe. Jesueen
jarraipenean eta Ebanjelioaren argitan, beste ondasun batzuk agertu jakez. Beste
bide barri bat erakutsi deutse Jesus Maisuak zoriontsu izateko. Horixe da Bizian Gora
Mobimentuak daukan zeregina gure kristau bizitzan.
. Zaindu nagizu, ene Jainko,
nire gordelekua Zeugan dago-ta.
Hauxe dinotsot Jaunari:
“Zeu zara nire ondasuna
.
Lurreko jaunak eta jainkotxoak
ez nabe beteten.
. Jauna da niri herentzian jausi jatan ondasuna,
zure eskuan dago nire zoria:
“Atal ederra suertatu jat niri,
betikoa da nire ondasuna”
.
Onulari jatan Jaungoikoa bedeinkatuko dot,
irakatsi egiten nau barruz.
. Horregaitik poztu egiten jat bihotza,
alaitu egiten jataz erraiak,
eta nire haragia nasai-nasai dago:
Ez nozu heriotzara eroango-ta,
zure adiskideari usteltzea ezagutzen ere
ez deutsozu itziko.
JESUKRISTOREN EBANJELIOA SAN LUKASEN LIBURUTIK: Lk 6, 17. 20-26
Aldi haretan, Jesus Hamabiekin menditik jatsi eta zelai baten gelditu zan,
ikasle-talde bategaz eta herriko jentetzarekin; Judea guztitik, Jerusaendik, eta Tiro ta
Sidongo itsas-bazterretatik etorriak ziran-eta, Hari entzuten.
Jesusek, ikasleakana begiak jasorik, esan eutsen: “Zorionekoak, behartsu
zareenok; zeuona da-ta Jaungoikoaren erreinua. Zorionekoak, orain gose zareenok;
asetuko zaree-ta. Zorionekoak zuok, Gizonaren Semeagaitik gizonak gorrotatzen,
euren artetik botaten, eta biraoka hartzen zaituezanean, eta zuen izena lotsagarritzat
baztartzen dabenean. Poztu zaiteze egun haretan eta alaitu, haundia izango da-ta
zuen saria zeruetan; horreen gurasoak beste horrenbeste egin eben profetakin.
Baina zoritxarrekoak zuok, aberatsok; hartu dozue zuen poza-ta.
Zoritxarrekoak zuok gizon guztiak zuokaitik ondo berba egiten dabenean.
Horreen gurasoak ere beste horrenbeste egin eben sasi-profetekin”.
a) Jesusen erakutsi guztien eta nagusien txorta bat eskeintzen deusku gaur Lukasek:
"Zorionekoak orain gose egarri zareenok...aseko zaree-ta". Lurreko ondasun eta
atseginen gainetik Jaunagaz fiatu, bere Berbea sinsitu eta gogotsu jokatzen dabenak.
Ederrago diran ondasunak ezagutu ezik, ezin dira lurreko ondasunak baino
goragokoen alde jokatu. Eta ondasun horreeen gose-egarria Jaunak Berak sortu
behar dau gugan. Bizian Gorak emon al deutsu ondasun horeen barri? Zelan?
b) Jakina, Jesusen erakustaldian oraingo eta geroko bizitza, biak dagoz bat eginda;
hemengoa han saritzen edo zigortzen da: "Poztu zaiteze egun haretan eta alaitu,
handia izango da-ta zuen saria zeruetan". Jenteak zorotzat hartzen zaituanean,
hemengo ondasunen gainetik, Jesusi jarraitzen deutsozunean, begira Jesusek Berak
egin ohi ebana: Aitaren arpegira begiratu eta azkenera arte jokatu. Gaurko munduko
kontrako haizearen aurrean, nora begiratzen dozu? Zer jatortzu gogora?
d) Gaurko giroan, jenteari zer pentsau eta zer esan gitxi sortzen deutso mezara
joateak, “Aitearen” egiteak, ohiturazko sakramenturen batzuk hartzeak. Baina
inguruko haizearen kontra bizi eta jokatzeak zeresana emoten dau. Esate baterako:
Gaurko ebanjelioa eta Corte Ingles-ek daukezan eskeintzak eta propagandak
badauke zerikusirik alkarregaz? Eta gehienak zeinen atzetik doaz? Eta eleizara
doazenak ere bai? Eta zeu? Bizian Gorak lagundu deutsu zeozetan aldatzen?
OTOITZA: Gu Zeugaz betiko zorintsu izateko egin gaituzun Aita! Zeuk
bialdu deuskuzu Jesus, benetako zoriona eta ondasuna zetan dagoan
erakustera. Gehitu eiguzu Beragan sinismena eta konfiantzea; egizu
jarraitu daiguzala bere bideak, zeuganatu arte. Askatu gaizuz geure
barruko eta inguruko katigukeri guztietatik, zoriontasun-bideak jarraituz,
zeure seme-alaba izan gaitezen.
URTEAN ZEHAREKO V. DOMEKEA "C"
1. Zeozelan adierazo behar-ta, geure erara agertzen ahalegintzen gara zer dan
Jaungoikoaren Erreinua, Jaungoikoaren mundua. Jaungoikoak berak ere, geure
mailara jatsi, eta geure erara, geure berbetan eta geure esperientzien argira
agertzen deusku bera nor dan. Zein gatxa dan Erreinu hori dan modukoa ezagutu
eta bertan sartzea! Bai, ba: bakotxak geure erara hartu eta erabili gura dogu ta!
Jesusek Nikodemori “barriro jaio” behar ebala eskatu eutson. Eta guztiok gara
honetan Nikodemoren lekuko.
2. Egia esan, JESUS Bera da Jaungoikoaren Berbea. Bere bitartez agertu deusku
Aitak Bera nor dan, eta zein dan bidea bere gogoko izateko. Jesusi entzun eta
jarraituz, ziur dakigu egian gagozala eta Aitaren gogo beteko gareala. Bizian Gora
da guretzat Erreinu horretako bideak erakusten deuskuzana, baita bide horretan
aurrera egiteko indarra emoten deuskuna ere. Jakina, benetan ibili ezkero!
. Jauna, sinistezina da,
baina osoan oratuta naukazu,
zure esku zabalez babesten nozu
eta zure-zurea sentitzen naz.
Basamortuan hare garautxo bat lez sentitzen naz,
Itsasoan gadutako ur tanta bat;
holantxe aurkitzen naz ni zure aurrean.
. Ene Jainko, besoak zabaldu
eta besarkatu nahi zaitut,
zure itsas ertzera heldu nahi dot,
eta ezin ikutu ere egin zure lurra.
. Eroan nagizu
Zeuk
gure artean zabaldu dozun bide barritik.
Nire bizitzaren egitasmoa hortik zuzendu nahi dot,
Eta pausoz pauso eta egunetik egunera
nire izatearen barrenetik Zuretzat bizi.
JESUKRISTOREN EBANJELIOA SAN LUKASEN LIBURUTIK: Lk 5, 1-11
Aldi haretan, Jesus Genesareteko itsas bazterrean egoala, eta herriak,
Jaungoikoaren berbea entzun nahiez, estu inguratzen ebala, txalupa bi ikusi zituan
itsas ertzean geldi; arrantzaleak sareak garbitzen ebilzan lehorrean. Sartu zan
txalupa hareetako baten, Simonenean, eta lurretik apur bat urrintzeko eskatu
eutson. Eta, jesarrita, txalupatik jenteari irakasten jardun eban.
Berbaldia amaitu ebanean, esan eutson Simoni: “Jo itsas zabalera, eta bota
zuen sareak arrantzurako”. Simonek, orduan: “Maisu, gau guztian horretantxe ibili
gara, eta ez dogu ezer atara; halan da ere, zeuk dinozun ezkero, botako ditut
sareak”: Eta, hasi baziran hasi ziran, itzelezko arrantzua egin eben, sareak
urratzeraino. Beste txalupa-lagunei kinu egin eutsen, laguntzen etortzeko. Etorri
ziran, eta txalupa biak bete ebezan, ia hondatzeraino.
Hori ikusi ebenean, Simon Pedro Jesusen oinetan ahuspeztu zan eta esan
eutson: “Alde egizu, jauna, nire ondotik, pekatari naz eta”. Ikareak hartuta egozan,
egon ere, bera ta lagun guztiak, ataratako arrantzuagaitik; eta bardin jazoten jaken
Simonen lagun ziran Zebedeoren semeei, Santiago eta Joani. Eta Jesusek honan
esan eutson Simoni: “ Ez izan bildurrik; hemendik aurrera giza-arrantzale izango
zara”. Hareek, txalupak lehorrera ekarri, eta, danak itzita, jarraitu egin eutsoen.
a) Jesus gure bizitzan barruraino sartzen dan neurrian, atxaki eta eragozpen
guztien gainetik joten da aurrera, Jesusen aginduetara: "Jo itsas zabalera, eta
bota zuen sareak arrantzurako". Pedro kezkaz, gau osoan arrain bat bera ere ez
dauala arrapatu-eta. "Baina Zeuk dinozun ezkero, botako ditut sareak". Jarrera
bikotxa da beharrezkoa Jaunaren bideetan aurrera egiteko: alde batetik norbere
ahaleginak egin ondoren, lortzen danaren aurrean zintzotasuna eta apaltasuna;
eta bigarrena, frutua urri batzen danean, barriro ere Jaunaren deia entzun eta
“bere izenean” sareak zabaldu eta jokatu. Jarrera biok gogotan hartuta, zelan
sentitzen zara? Zetan aldatu behar dozu?
b) Eta zelango arrain-sarekadea! Pedro harritu egiten da; baina Jesusek beste
itsaso bat eta beste sare batzuk ipinten deutsoz aurrean: Ez izan bildunik,
gaurtik aurrera giza-arrantzale izango zara". Geuregandu daigun Jesusen
agindua: Zein da gure itsasoa? Zeintzuk gure sareak? Eta arrantzalea? Zelango
sareak eta nun bota behar doguz Jesusen izenean? Zetarako deia jaso dozu
gaur? Zer gehiago egin geinke?
d) “Ezina, ekinaz egin”, hori dok eta! Oraindik ez doguz indarren jarri gugan
doguzan dohai eta ahalmen guztiak. Kontua zera da: denporea eta indarrak ez
alperrik galdu txutxerietan: “Danak itzita, jarratiu egin eutsoen”. Zenbat izteko
zagoz prest? Baina Jesusen izenean eta ekintza hobeak egiteko. Zer eskatzen
deutsu Jesusek? Maitasun eta zintzotasun kontua da hau
OTOITZA: Jesus gure Laguna! Gu laguntzat hartzen gaituzun Arrantzalea! Ez
neban uste ni ezertarako behar ninduzunik. Eskerrik asko, nigaz kontatzen
dozulako! Eutsiz nire esku, bihotz eta dana; zeure izenean erabiliko dodaz,
zeuretzat ahal diranak irabazteko. Beste batzuk nigaitik egin dabena, nik beste
batzukaitik egin nahi dot. Beste askok lez dinotsut bihotzez: "Hona hemen ni,
bialdu nagizu".
JAUNAREN AURKEZPENA
Gaur Urtean Zeharreko Laugarren Domekea da, baina baita JAUNAREN
AURKEZKUNDEAREN JAIA ere. Eta Eleizeak, holakoetan ohi danez, domekea jausten
dan jaiegunekoa eskeintzen deusku: Eta gaur, hain zuzen ere, Jesus Gure Jaunaren
Aurkezpen eguna da. Moizesen aginduz, judako ume jaiobarria Jerusalengo eleizara
eroan eta Jaunari eskeintzen eutsoen, ordezko saritxo bat.
Israeldarrak, Jainkoarengandik hur-hur bizi ziran. Jainkoa zan eurentzat Salbatzailea,
askatzailea; ondasun guztiak emoten eutsiezana. Horregaitik Jainkoari eskeintzen
eutsiezan fruturik onenak, baita euren semeak ere. Eta horretara joan ziran Jose eta
Maria JAURETXERA; euren seme Jesus Jainkoari eskeintzera… Andra Mariak, Jesus
umea Eleizan sartzean, munduko argia eta salbamea aurkeztu deusku. Guk ere
bere antzera, Kristo egiazko argia iragarri behar dogu.
Jaun ahalguztiduna,
Bera da Errege ospetsua.
Ateburuok, zabaldu zaiteze,
zabaldu zaiteze, aspaldiko ateok,
badator-eta Errege ospetsua.
Nor da Errege ospetsu hori?
Jauna da, indartsu eta ahaltsua,
Jauna, guduan ahaltsua.
Ateburuak, zabaldu zaiteze,
zabaldu zaiteze, aspaldiko ateok,
badator-eta Errege ospetsua.
Nor da Errege ospetsu hori?
Jaun ahalguztiduna,
Bera da Errege ospetsua.
JesuKristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik: Lk 2, 22-35
Moisesen Legearen arabera, amari garbikuntza egiteko unea heldu jakonean, gurasoek
Jerusalemera eroan eben Jesus, Jaunari aurkezteko. [Izan ere, honan dago aginduta
Jaunaren legean: «Lehen-seme guztiak Jaunari sagaratuko jakoz». Jaunaren legean
ezarritako oparia ere eskeini behar eben: «Usapal bi edota usakume bi».
Bazan Jerusalemen Simeon izeneko gizon bat, gizon zintzo eta jainkozalea, Jainkoak
Israel noiz kontsolatuko zain egoana. Espiritu Santua beragaz eban, eta aditzera emon
eutsan ez zala hilgo Jaunaren Mesias ikusi arte. Eta Espiritu Santuak eraginda tenplura
joan zan. Gurasoek Legeak agintzen ebana beteteko Jesus umea tenpluan sartzean,
hartu eban Simeonek umea besoetan eta Jainkoa bedeinkatu eban, esanez: «Orain itzi
daikezu, Jauna, zeure morroi hau bakean hilten, Zeuk agindu zenduan lez.
Ikusi dabe nire begiok Zugandiko salbamena, herri guztien aurrean Zuk aurkeztua:
Nazinoak argitzeko argia eta zure herri Israelen ospea». Umearen aitamak harriturik
egozan umeagaitik esaten ziranakin. Eta Simeonek bedeinkatu egin zituan, eta
umearen ama Mariari esan eutsan:«Begira, hau israeldar asko jausteko eta beste asko
jagiteko ipinita dago; eztabaida sortzen dauan ezaugarri izango da, holan bihotz
askotako asmoak agirian gelditu daitezan. Eta zeuri ezpata batek aldez alde zulatuko
deutsu arimea».
a) ”Moixesen legearen arabera, gurasoak Jerusalenera eroan eben
Jesus, Jaunari aurkezteko”. Ordurarte, pekatuak, beragaz dakarren
ilunpean bizi izan gara. Andra Mariak, Jesus Umea Eleizan sartzean, munduko
argia eta salbamea aurkeztu deusku. Zer izan behar dau orain gure erantzuna?
b) Ondo be ondo dakigu danok, gure mundua ilunpe haundi baten itzaltasunean bizi
dana eta Jesusek MUNDUKO ARGIA IZATEKO DEITU DEUSKUNA ELEIZA
LEZ. Baina bere laguntza barik guk ezer ezin dogu egin. Zertan behar dogu
BERE laguntza? Zelan eskertu hau danau?
d) “Orain itzi zeinke, Jauna, morroi hau bakean joaten, Zeuk agindu
zenduan lez, ikusi dabe nire begiok Zugandiko salbamena, herri
guztien artean ipini dozuna: atzerriak argitzeko ipini dozun argia
eta zure herri Iraelen edergarria”. Holango bikoteak senar-emazteak
benetan dira beneragarriak, etxeari eusteko haberik sendoenak. Eta
Maria amak zer? Zer hartuko ete eban bihotzean?
OTOITZA:Jesus Jauna, Zu zara gure bizitzak argiz betetzen dituan argia. Zure bizitza osoa
munduko iluntasunak kentzen emon zenduan: tristuraren iluntasunak, pozaren argiaz
argitzen gaixotasunaren iluntasunak, osasunaren argiz argitzen bakardadearen
iluntasunak,adiskidetasunaren argiaz argitzen haserrearen eta eztabaidaren iluntasunak
bakearen argiaz argitzen heriotzaren iluntasuna, bizitzaren argiaz argitzen.
Zure bizitza osoa, Aita Jainkoari eskeini zeuntson munduarentzat, gizon-emakume
guztientzat argi izateko. Emoiguzu guztioi zure argi horretatik.
URTEAN ZEHARREKO III. DOMEKEA “C”
1. Zenbat buru, hainbat aburu; eta zenbat liburu? Etxeko apalak bete inguru.
Denporapasa edo jakinminez. Hobeak izan guraz ezer irakurten al dogu? "Esaidazu
zer irakurten dozun, eta igarri baietz nundik nora zabiltzan”. Kristauaren LIBURUA
BIBLIA da, izan; baina zenbat etxetan ikusten ete da?. Eta ikusten danetan ere
zenbat hauts gainean? Zuk lehen baino zenbat gehiago irakurten dozu gaur Biblia?
2. Hortik-edo, gaurko jokoa honetan datza: Nok gehiago jakin, nok liburu haundi,
ederragoak euki; baina nor hobea izan, nok on gehiago egin? Zeuk zer uste dozu?
Irakurten dana burura bakarrik badoa, han gelditzen da, ez dauka bizitzagaz zerikusi
askorik; baina bihotzeko errotara jasten dana bakarrik bizi bihurtzen da. Orduan
emoten jako Berbeari bizitzatik erantzuna. Areago Jaunaren Berbea danean:
Jaunaren Berbeak beragan dakar bizia, lur onean jausten bada, bizi bihurtzen da
gugan.
. Pozik sentitzen naz.
Nire bihotza Jaunagan pozten da.
Bere salbamena ospatzen dot.
Nik, Jauna, barre egiten deustet nire arazoei,
Nigan zure salbamena ospatzen dot eta.
. Zu santua zara, zuzena,
Zugan dana da armonia eta batasuna.
Zugan sendo sentitzen naz,
oinak harkaitz gainan lez.
Zu barik ez naz seguru sentitzen,
oinak hondar gainean lez.
Zu nire Harkaitz!
JESUKRISTOREN EBANJELIOA SAN LUKASEN LIBURUTIK: Lk 1, 1-4; 4. 14-21
Teofilo agurgarri hori: Asko ahalegindu dira, gure artean jazotakoen kondaira
idazten, hasieratik euren begiz ikusi eta gero berbearen serbitzari izandakoak
jakinazo euskuenei jarraituz. Nik ere, hasieratik guzti honeek ardura haundiz aztertu
ondoren, danak hari egokian zuri idaztea erabagi dot, hartu dozuzan irakatsien egia
ezagutu dagizun.
Aldi haretan, Jesus, Espirituaren indarrez,Galileara bihurtu zan, eta Haren
izena lurralde guzti haretan zabaldu zan. Hango sinagogetan irakasten eban, eta
danak goratu egiten eben.
Jesus Nazaretera joan zan, Bera hazi zan herrira, eta zapatuetan ohi eban lez,
sinagogan sartu zan eta zutunik jarri, irakurgaia egiteko. Isais profetearen liburua
emon eutsoen. Liburua zabaldurik, profetearen berba honeek aurkitu zituan:
“Jaunaren Espiritua nigan dago, Berak igurtzi nau-ta, behartsuei barri ona emoteko.
Katiguei askatasuna eta itsuei ikusmena iragartera bialdu nau, zapalduei askatasuna
emotera, Jaunaren grazi-urtea iragartera”. Liburua hartu ondoren, laguntzaileari
emon eutson, eta jesarri egin zan. Sinagogan ziran guztien begiak Hari begira-begira
egozan.Bera honan hasi jaken berba egiten: “Gaur bete da, orain entzun dozuen
Liburu Santuko berba hau”:
a) Jesus Biblia zale itsua zan; txikitatik etxean ikasi eban gehiena buruz. Eta, batez
ere, bihotzez. Gaur Nazareteko Sinagogan ikusten dogu: zapatua zanez, besteekaz
alkartu, Liburu Santua hartu, irakurri eta beraganduten: "Jaunaren Espiritua nigan
dago, Berak igurtzi nau-ta, behartsuei Barri Ona emoteko...Gaur bete da orain
entzun dozuen Liburu Santuko berba hau" Hori da Berbea norbere haragi
bihurtzea, bizitzara ekarriz. Bizian Gora Biblia-eskola ona al dogu? Irakuten al dozu
etxean tokatzen dan Biblia zatia? Egiten diran itaunei erantzuten ahaleginduten al
zara?
b) Jaunaren Berbea ez da letra hutsa eta hotza, Espiritu Santuaren indarrez beterik
dator gugana; bihotzean leku emotea nahiko da, berak dinona gugan sortu eta
egiteko. Zetan igarri, bihotz-zabalik entzun dogun ala ez? "Behartsuei Barri Ona,
katiguei askatasuna, eta itsuei ikusmena" Hori eta gehiago egiten dau gugan
Jaunaren Berbeak, behar dan lez entzun ezkero. Gaurkotu eta norberagandu egiten
da. Horixe eta horretarakoxe da Bizian Gora. Zer esperientzia dozu?
d) Jesusen erakutsi hau gitxitan aztertzen dogu: Berak Liburua hartu eta irakurri
egiten dau Nazareteko sinagogan: parte hartu batzarrean, laiko hutsa izanik.
Gainera, Jaunaren Berbeak Berari esan deutsona besteei agertu, eurentzat ere
aberasgarri izan dedin. Horretarako batzen gara gu ere Bizian Gorako batzarrean.
Eroaten al dozu etxetik batzarrera, Jaunaren Berbeak etxean zeuri esan deutsuna?
Konpartitzen al dozu lagunartean?
OTOITZA: Jaungoiko ona: gizaldietan zehar agertu deuskuzu zure maitasuna, zure
nahia, zure bideak profeten bidez, batez ere Jesus zeure Semea gugana bialduz.
Emoiguzu zure Berbearen egarri bizia, egunero erabili daigun eskuartean, ahoan eta
bihotzean. lxuri eiguzu zure Espiritua, zure Berbea ulertu daigun, eta indarra, bete
ahal daigun. Aintxinakoak lez dinogu bihotzez: Bai, entzun dogu Jaunaren Berbea,
eta beteko dogu.
URTEKO ZEHARREKO II. DOMEKEA "C"
1. Urte Zahar-Barri inguruko jaialdia joan da eleiz-liturgian ere; "Urtean
Zeharreko Domekak" hasi jakuz. "Urtarrileko aldazgora" sarri darabilgu aho
minetan. Hor hasi bai, eta arnaitu noiz? Urte osoa, bizitza osoa da aldazgora
neketsua. Horregaitik, biderako lagungarriak beharrezkoak doguz. Baita kristau
bizitzan ere. Batez ere, gaur lango krisialdiak joten gaituanean; argia eta indarra
beharrezkoak doguz, egoerak ondo aztertu eta egin behar diran aldaketak egin
ondoren, gogotsu aurrera joteko. Gu Nagusiontzat BizianGora aproposko
laguntza da.
2. Bide luzeko aldazgora dogun bizitzan, egoki datorkuz bideko lagun onak,
atsedenaldiak; batez ere, Jainkoaren argia, Espiritua. Beste gauza askotan lez,
kristau garean aldetik ere kontuak atera behar doguz: zer laguntza behar ete
dodan biderako. Kontua zera da: bizitzako beste arazo askotan lez, kristau
bizitzan ere hobera jo behar dogu; betikoak betiko modura eginez, ezin dogu
aurrera egin. Aukera ederra eskeintzen deusku Jainkoak aurtengo urte
barriagaz, ihaz baino hobeto jokatzeko.
. Zutaz fiatzen naz, Jauna,
sarri zoritxarreko eta bakarrik sentiduarren;
Zutaz fiatzen naz, Jauna,
nire porroten aurrean,
urtenbide faltsoak askok eskeiniarren.
. Zure presentzian ibili nahi dot,
zure Berbearen argitara;
Zure presentzian ibili nahi dot,
zure Ebanjelioan bizitza oinarrituta.
. Eskerrak Zuri, Jauna, zure ikasle naz,
zure egitasmoaren jarraitzaile;
hemen naukazu kurutzea lepoan dodala,
bidean aurrera, egunez egun, pausoz pauso;
ni Zugaz noa eta zure deiari erantzuten
zintzoa izan nahi dot
JESUKRISTOREN EBANJELIOA SAN JOANEN LIBURUTIK: Jn 2, 1-12
Aldi haretan, ezteguak ziran Galileako Kanan, eta Jesusen Ama han zan.
Jesus ere deitua izan zan, bere ikasleakaz. Ardaoa amaitu zan, eta esan eutson
Jesusi bere Amak: “Ez dauke ardaorik”. Eta Jesusek erantzun: “Eta guri zer
ardura deusku, emakume. Nire ordua ez da oraindino etorri”. Orduan, amak
morroiei: “Egizue Berak esaten deutsena”
.
Harrizko sei ontzi egozan han, judeguen ohituraz eskuak garbiteko ipinita,
ontzi bakoitza ehunen bat litrotakoa. Jesusek esan eutsen: “Bete egizuez ontziak
urez”. Eta hareek goraino bete ebezan. Jesusek barriro: “Atara orain, eta eroan
mahai-zainari”. Eta hareek eroan eutsoen. Probau eban mahai-zainak ardao
bihurtutako ura, nondik ekarren jakin barik (morroiak, bai, baekien, eurak atara
ebelako); orduan, ezkonbarriari deituta, esan eutson: “Ardao ona guztiak
hasieran ataraten dabe; eta edanda dagozanean, orduan txarra. Zuk, ostera,
oraintxe arte gorde dozu ardao ona”
.
Holan, Galileako Kanan egin zituan Jesusek bere lehenengo ezaugarriak;
bere aintza agertu eban, eta sinistu eben Haregan bere ikasleak. Ondoren,
Kafarnaunera jatsi zan, eta Beragaz bere ama, bere senideak eta bere ikasleak;
eta han egon ziran, baina ez egun asko.
a)
Jesusek Kanan egindako lehenengo miraria gogoan dogu. Egin, osotu
Jesusek egin eban, baina ze parte izan eben Mariak, morroiak, mahaizainak eta
besteak? Izan eben parterik mirari honetan? “Egizue Berak esaten
deutsuena”. Eurak ezetz erantzun baleutsoe, zer? Eta gaurkora etorrita, geuk
ezetz esan beharrean, baietz esango bagendu, zer aldatuko litzateke: etxean,
auzoan, parrokian, herrian?
b) Jesusen mirariak ez dira harrokerizko erakutsi batzuk, gizaki osoa osatzera
zuzenduak dira: negarra dagoan lekuan poza, gorrotoa dagoan lekuan
parkamena, bakardadea dagoan lekuan, alkarlaguntza. Era honetako mirariak ez
ete geinkez egin geuk ere geure artean? “Ez dauke ardaurik”. Horren ordez
jarri daigun: Ez dauke pozik, ez dauke lagunik, ez dauke gaixoak nok zaindu...
Eta holango bati egindakoa Jesus Berari egindakotzat hartuko deuskula dinosku.
Gaurtik aurrera zer egiteko asmoa hartzen dozu, Mariaren esanera?
d) Jesusen miraria ez zan izan bakarrik ura ardau bihurtzea; horregaz ez eban
bakarrik ardau egarria ase: “Sinistu eben Harengan bere ikasleak”.
Lehenengoa ezaugarria da, bitarteko bat, bigarrena lortzeko. Zer egiten eban
Jesusek ardauz beteaz bakarrik? Gizakia gorputz ta espirituz ase, gozatu, osatu.
Gu garan baino ekintzaileagoak bagina, urkoaren aldeko ezaugarri batzuk
egingo bagenduz, ez ete leukie gehiagok sinistuko Jesusengan? Horra Mariaren
agindua: “Egizue Harek dinotsuena”. Hori da benetako debozinoa: Gaixo eta
behartsuen mahaian zerbitzari izan.
OTOITZA: Maria, Ama laztana, geure batzarrera deitzen deutsugu. Begira zer
falta jakun, Jesusen jarraitzaile zintzoak izateko, eta erregutu gure alde Jesusi:
Gehitu dagiala gugan fedea, itxaropena eta maitasuna. Bizian Gora lagun
dogula, geure ontzietan hartu dogun ardau barria zabaldu daigula, bake eta poz
egarri diran askoren artean. Kontau egizu, Maria, zerbitzariokaz ere maitasun
miraritxoak egiten jarraitu daigun.
ABENDUKO 1. DOMEKEA

ABENDUKO I. DOMEKEA "C"
SARRERA
1. Abendua: Etorrerea. Jainko Semeak guganaino egin eban etorrerea.
Eta, jakina, etorrera honek urteera bat eskatzen dau; bestelan, ez
jaku helduko, edo lotan aurkituko gaitu. Jesusek gure bila urteten dauan lez,
guk ere bere bila urten egin behar dogu. Bidean goazela egin behar dogu
topo Jesusek eta gutariko bakotxak; geldi egonda, ez dago bat egiterik, ez dago
jaiotza barririk. Bizian Gora aukerako laguntza dogu beti etorten dagoan
Jesusegaz bat egiteko.
2. Abenduko lau aste
honeek bide-erakusletzat hartu behar doguz: Jaunaren Berbea lagun, astez-aste
joango gara itxaropenez bere bila. Horretarako itxaropenez jokatu behar dogu:
geure aldetik egin behar doguna egiten badogu,
Jesusek egingo dau Berak guganuntz egin behar dauan bidea. Hori da gure itxaropena, eta ondorioa benetan gogo betekoa
izango da: ZORIONA. Hau izango da
gure bihotzak pozez beteko deuskuzan Gabonetako loteria.
. Jauna, Zugana jasoten dot bihotza;
ene Jainko, Zugan dot uste on;
ez nadila lotsatu.
Zugana nator ihesi, Jauna,
neure pobretasunaren hondotik,
Zeuganaino heldu nahirik hegaz.
. Zeu zara nire Jaungoiko eta Salbatzaile,
eta, Zeugan goizero itzartzean,
zeure edertasunez asetzen nozu,
eta egun guztira zure maitasunean murgiltzen naz.
. Errukiz begiratu nire makaltasunak,
Zeuri oratuten deutsut-eta,
erruki nitaz zure maitasunez.
Zuk ondo dakizu maite-maite zaitudana.
Nire begiak Jaungoikoagan daukadaz.
Beragan oinarritzen naz,
nire maitasunak Haregan dau oinarria.
JESUKRISTOREN EBANJELIOA SAN LUKASEN LIBURUTIK: Lk
21, 25-28. 34-36
Aldi haretan
holan esan eutsen Jesusek bere ikasleei: “Ezaugarriak izango dira eguzkian,
iretargian eta izarretan; estu ibiliko dira lurrean herrialdeak, itsasoaren
orroaz eta olatuen indarrez zoratuta. Gizakiak arnasa barik geldituko dira,
munduari gainera datorkonaren bildurrez, zeruko indarrak ere dardaratu egingo
dira-ta.
Orduan ikusiko dozuen Gizonaren Semea
indartsu eta aintza handitan etorten hodei baten. Guzti hori jazoten hasten
danean, zutundu zaiteze eta jaso zuen buruak: hurrean da zuen askatasuna. Egon
zuhur; ez beitez moteldu zuen bihotzak ordikeriaz, mozkorkeriaz, eta bizitza
honetako arduretan; ez bekizue egun ha ustekabean gainera jausi, sarea lez
etorriko dalako lurrean bizi diran guztien gainera. Egon, ba, beti zuhur, eta
egin otoitz, etorri behar daben guzti horrei ihes egin ahal deioezuen, eta
zutunik egon ahal zaitezen, Gizonaren Semearen aurrean.
a) Norantza doa gaurko mundua? Batek baino
gehiagok uste dau azkenera doala. Gu, ostera, ez gara muskilduta geratzen dan
jentea. Guk hondamendiaren erdian LAGUN BAT ikusten dogu zutunik: "Orduan
ikusiko dozue Gizonaren Semea (Jesus) indartsu eta aintza haunditan etorten
hodei artean". Guk abenduan Jesus horixe ikusten dogu, baina makal eta pobre, askatxo
baten. Geure antzeko eginda, Berari jarraitzera deitzen deusku. Prest al zagoz?
Zer aldatu behar zeunke, bere antzeko egin eta jarraitzeko? (Isildu eta
konpartidu).
b) Jaunaren Berbeak abenduko lehenengo domekan dei eta dei egiten deusku: "Zutundu
zaiteze, jaso zuen buruak, egon zuhur...ez beitez moteldu zuen bihotzak...egin
otoitz..." Ordikeriak,
mozkorkeriak, larregizko munduko ardurak... aitatzen deuskuz. Honeik dira egin
behar doguzan benetako barauak; kontsumoaren deiak bestelakoak dira, datorren
Mesiasen kontrakoak. Kontsumoak batu eta batu aginduten deusku, Mesiasek
banandu eta banandu. Abendua orretarako da: Mesias hori ezagutzea, gure bideak
bere bideetara hurreratzeko. Bizian Gorak hainbat aukera eskeintzen deutsuz.
Zeintzuk aukera? (Isildu eta konpartidu)
d) Esaerea da, azkenean kukurruku egiten dauanak irabazten dau. Hemen eta
orain edozer esan eta egitea erreza da, baina nora goraz bide honek? Pertsona
zintzoagoak, askeagoak, laguntzaileagoak izatera? Jesusek argi dinosku: “Zutunik egon ahal
zaitezen, Gizonaren Semearen aurrean”. “Zutunik”, zutunik bizi, gizon eta kristau lez; ez
narras eta erdilotan. Zer da zuretzat Jaunaren aurrean zutunik bizitea? (Isildu
eta konpartidu)
OTOITZA: Zatoz, Jesus Salbatzailea! Zatoz gugana. Geuk ere Zugana bidez-bide urten nahi dogu-ta.
Zeugaz topo egin nahi dogu aurtengo abenduko bidean: horixe izango da aurtengo
"jaiotza" ederrena. Jausi bekigu, Jesus, zure jaiotza biziaren loteria. Ahal dogun dana jokatu nahi dogu, loteria
horren alde. Zatoz, Jesus! Gaur inoiz baino beharrezkoagoa zaitugu
ABENDUKO 2. DOMEKEA
ABENDUKO II. DOMEKEA "C"
SARRERA
1.
Abenduko bidean MARIA dogu bidelagunik onena; Bera
prestau zan ondoen Jesusen jaiotzarako. Andra Maria Sortzez Garbia, horra Jainkoak Jesusentzat sortu eban ama
barria. Maria, bera ere, bere aldetik gogo beroz prestatu zan: "Hona
hemen Jaunaren mirabea". Bizi gaitezan abenduan Mariaren ondoan,
Jesusen Jaiotzaren eguneraino. Bizian Gora dozu biderik onena zugan “jaiotza
barri” gauzatu dedin. Hor doguz geure
batzarrak eta... Oruen “abenduko konbibentzia”. Merezi dau, ezta?
2.
Jaunaren aldetik
gogoz eta fedez entzuten dogu: “Banator”. Guk geure aldetik ere bardin
erantzun behar: “Banoa”. Jesus Aitak bialdua da, zuretzat eta niretzat
ere bai; orduan lez, gaur ere bidera urten behar: itxaropenez, zirkin egin,
bestetan baino zertxobait gehiago ahaleginduz. Bizian Gorak hainbeste aukera
eskeintzen deusku. Guk sikiran hauxe egin daigun inoiz baino gogotsuago;
gainerakoa Espiritu Santuak egingo dau gugan, Mariagan lez. Egitez agertu
daigun, benetan sinisten dogula.
Bidez-bide doan Eleizan alkartuta,
Ondasun guztiak opa deutsoguz alkarri!
Bidez-bide doan Eleizan alkartuta,
Gaixo eta behartsuei maitasun-indarra eroatera
Konprormetitzen gara Jesusen izenean.
Bidez-bide doan Eleizan alkartuta,
oraindik ez daukazun bakea opa deutsugu, anai-arreba!
. Emoiguzu zure bakea, anai-arreba,
benetako pobre-bihotza dakazun horrek!
Emogizu zure bakea, anai-arreba,
garbi, zuzen eta zintzo zaran horrek!
Emoiguzu zure bakea, anai-arreba,
errukitsu eta bihozbera zaran horrek!
Emoiguzu zure bakea, anai-arreba,
Bihoitzez otzan eta apala zaran hotrrek!
JESUKRISTOREN
EBANJELIOA SAN LUKASEN LIBURUTIK. Lk 3, 1-6
Tiberio errege
nagusi zala, haren erregetzaren hamabosgarren urtean, Pontzio Pilato Judeako
agintari zala, eta Herodes Galilean errege-ordeko egoala, eta Filipo -haren
anaia- Iturea eta Trakoni lurraldean errege ordeko, eta Lisania Abilen-en
errege-ordeko, eta Anas eta Kaifas abade nagusi zirala, Jaungoikoaren berbea
etorri jakon basamortuan Zakariasen seme Joani.
Eta
Jordan inguru guztian, bihotz-barritzeko bateoa iragarten hasi zan, pekatuen
parkamenerako, Isaias profetaren liburuan idatzita dagoan lez: “Ahots bat
oihuka dabil basamortuan: urratu egizue bidea Jaunarentzat, zuzendu Haren
bide-zidorrak; goratu daitezala ibarrak, beheratu mendi ta tontorrak; bardindu
daitezala konkorrak; zelaitu aldatzak. Eta ikusiko dabe guztiak Jaungoikoaren
salbamena.
a) Inguruko giroari
begira jarrita, zer ikusten eta entzuten da; zer dinoskue eta irratiak eta
telebistak Gabonei buruz? Zelan prestau behar gareala? Nor datorrela? Eta guk
geuk zer dinogu? Entzun deiogun Joan Bateatzaileari: "Bihotz-barritzeko
Bateoa iragarten hasi zan". Guk hartuta daukagu bateo hori; baina
bihotz-barritzeko etenbako ekintza eskatzen dauan bateoa bai gero?. Bihotza
barriztu”: neu eta neure bizitza osoa barrutik aldatu, orduan suertatzen da
jaiotza barria. Zelan bizibarritu behin zahartzarora ezkero? (Isildu eta
konpartidu)
b) Aitita-amamoi sarri
tokatzen jaku oihu egin beharra, eta gehienbaten "basamortuan", Joani
lez, inok entzun gura ez dauan lekuan: “Ahots bat oihuka dabil basamortuan:
Urratu egizue bidea Jaunarentzat, zuzendu Haren bide-zidorrak". Abenduan aurrera goazela, ze oihu egin behar dogu guk nagusiok? Derrigor zaratea egin
behar ete da? Zeintzuk dira egin behar ditugun oihuak, eta
zelan egin? Zelango “oihuak” egin leikez gu lango aitita-amama batek,
Jesusen izenean? (Isildu eta konpartidu)
d)
Gabonetako
loteriak urtengo deuskula seguru bagengoz…
Seguru egon ezta be, zenbat miloi jokatzen dan, badaezpadan. Eta kristau
lez, Jesus gu salbatzera datorrela eta, zenbat jokatzen dogu? Zenbateraino
sinisten dogu hori guk? Begira zer jokatzen dogun: “Eta ikusiko dabe guztiak
Jaungoikoaren salbamena”. Salbamena, hau da: bakea, bizipoza,
barruko bake sakona, gerorako itxaropen sendoa... Baina zehatz esan deusku bete
behar doguna: “Urratu egizue bidea Jaunarentzat, zuzendu Haren bidezidorrak;
goratiu daitezala ibarrak, beheratu mendi ta tontorrak”. Hori da guk jokatu
behar doguna, loteri eder hori eskuratzeko. Zer da “Jaunarentzat bideak urratzea”? “Bidezidorrak
zuzentzea”? Mendi eta tontorrak beheratzea? (Isildu eta
konpoartidu)
OTOITZA:
Bazatoz,
Jauna, nigana, nire etxera; nire bizitzan sartu (jaio) nahi dozu. Neu
ere prestatzen nago, Jesus, Zeuri bidera urteteko.
Maria, lagun egidazu; zeure antzera, neu ere prestau nagizu Jesus hartzeko. Gabon
jai biziak eta zoriontsuak ospatu nahi ditut. Zatoz, Jesus ona!
ABENDUKO III. DOMEKEA “C”
SARRERA
1. Abendua itxaropen-aldia
dala esan dogu; itxaropen-aldian bizi dana, arduraz baina alaitasunez bizi da.
Izan ere, abenduan itxaroten doguna JESUSEN JAIOTZA da. Gogoratzea
besterik ez dago etxean eta senitarte osoan izaten dan alaitasuna, ume barri
bat itxaroten danean! Gugana datorren ume txikia JAUNGOIKO HAUNDIA da,
txikitasunez eta maitasunez geure tamainukoa eginda. Hainbeste zarata eta
ikuskizunen atean, ez al dogu ahaztuko Ume txiki haundi honen etorrerea!
Arrisku itzela dago!
2. Zahartzaroan burua
arindu egiten ei da; baita zentzuna argitu eta bihotza berotu ere, Espiritu
Santuaren laguntzaz. Jubilatu alaia eta
umore onekoa edonun da maitagarri; eta bat eta bi baino gehiago dira edu
honetakoak gure artean. Jesus noiz jaioko bizi dan Mariak bizipozez bete gaizala. Kristau garean aldetik ere,
Gabonaldia pozezko ospakizuna da. Bizian Gorak ere eskeintzen deutsu aukerarik
asko horretarako. Ez daiguzan alperrik galdu.
. Zu zara, Jauna,
nire bihotzaren poza eta zoriona betiko.
Zu haundia zara,
baina nigaitik txiki egina,
nire existentzia
asebeteteko hainakoa.
. Zugan sinisten
dabenakaz bat eginda dinotsut:
Gurtzen zaitut,
Jauna!
Zugan itxaroten
dabenakaz bat eginda dinotsut:
Zugan itxaroten dot,
Jauna.
Bihotzez maite
zaituenakaz bat eginda dinotsut:
Maite zaitut, Jauna.
. Zu zara nire
zoriontasuna.
Zugaz bat eginda
bizitzea da nire loteria.
Zure graziz eta
leialtasunez
pozez beteten nozu
egunero.
Bedeinkatzen zaitut,
Jauna, nigana zatozalako.
JESUKRISTOREN
EBANJELIOA SAN LUKASEN LIBURUTIK: Lk 3, 10-18
Aldi haretan, honan itaunduten eutson jenteak Joani:
“Zer egin behar dogu?” Eta harek erantzun: “Soineko bi daukazanak, emon begio
bat ez daukanari; eta jatekorik daukanak, bardin egin begi”.
Etorri jakozan zergalari batzuk ere,
bateoa hartzera, eta itaundu eutsoen: “Maisu, zer egin behar dogu?” Eta
berak esan eutsen: “Ez eskatu erabagita dagoana baino gehiago”.
Gudari batzuk itaundu eutsoen: “Eta
guk zer egin behar dogu?” Berak erantzun: “Ez behartu inor gogorkeriaz; ez
ibili salaketan, dirua atarateko; konforme izan daukazuen irabaziagaz”.
Herria kezkatan egoan, eta euren barruan itaunka, Joan hori ez ete zan
Kristo berbera. Joanek honan erantzun eutsen guztiei: “Nik urez bateatzen
zaituet; baina badator ni baino ahaltsuagoa dana, ni ez naz inor Haren
oinetakoen lokarriak askatzeko ere-ta. Harek Espiritu Santuaz eta suz bateatuko zaitue. Eskuan dauka sardea,
larraina garbitzeko eta garia bere garautegian batzeko; lastoa, barriz, amatau
ezin leiteken sutan erreko dau”.
Honeek
eta beste gauza asko esanez, barri ona irakasten eutson herriari.
a) Jesusen jaiotza norberagan
prestatzen diharduanak benetan egiten dau judegu zintzoak egiten eben itaun
bardina: "Zer egin behar dogu?" Eta Joanen erantzuna: „Soineko bi daukazanak, emon begio bat ez
daukanari; eta jatekorik daukanak, bardin egin begi“. Jesus Umeak dana
emoten deusku, zoriona dakar, Bera osorik emonaz. Orduan, konpartitzea,
bakotxak daukanetik emotea da, Beragandik gehiago hartzeko bide bakarra. Zer emon
geinke guk, nun prestau geinio Jesusi jaiotza bat, poza, bakea,
laguntzaren bat emonaz? (Isildu eta konpartidu)
b)
Jesusek ez dakar diruzko
loteririk, baina bai loteria guztiak baino gehiago betetzen dauan zerbait:
Baina Loteri Nagusi hau ere jokatu egin behar da, berez ez dator
loteria, ez hau, ez hori: "Nik urez bateatzen zaituet..Harek Espiritu
Santuaz eta suz bateatuko zaitue". ]aungoikoak bakarrik emon leigun
loteria: Bere Semea. Hau daukanak nahiko dau; beste gauzetatik
gitxiago eukita ere, konforme dago. Zer da Espiritu Santuz bateatuta egotea?
Zetan igerten jako holango bati? (Isildu eta konpartidu)
d) Kontuak garbi eukiteko,
basarritarrok errez ulertzen dogun argibide bat ipinten deusku Joanek: „Eskuan
dauka sardea, larraina garbitzeko, eta garia bere garautegian batzeko; lastoa,
barriz, amatau ezin leiteken sutan erreko dau“. Geure ardurea da gure
bizitzako garia eta lastoa bereiztea, apartatzea. Horretarakoxe
da, izan ere, abendua eta abenduan Bizian Gorak jarten deuskuzan aukerak.
Bizitzara begiratuta, kendu beharreko lastorik aurkitzen dozu zeugan?
(Isildu eta konpartidu)
OTOITZA: Jesus Jauna, nigana jatsi eta etorri gura dozun Salbatzaulea! Zatoz! Mila
bider eta bihotzez dinotsut“ Zatoz! Zatoz! Badakit etorri gura dozuna, neuk
baino ere gehiago. Gehitu nigan Zugana zabaltzeko egarri bizia. Aurtengo
ABENDUA benetan hartu eta ospatu gura
dot. Lagundu egidazu.
ABENDUKO IV. DOMEKEA “C”
SARRERA
1. Oso garrantzitsua da honako hau: Jaungoikoaren eritziak eta bideak
ondo ezagutzea; bestelan, ezin izango dogu Beragaz topo abenduko bidean: Bera
datorren bidea ondo ezagutu eta bertatik abiatzen ahalegintzea, hauxe da
abenduko eginkizuna. Beste guztia
azal-itxurak, doinu eta jolas gustokoak izango dira; baina guzti horreek, onak
izanik ere, ez dira nahiko gugan Jesusen
"jaiotza" gertatzeko. Azala,
itxurea… baina Jaunaren misterioak barru sakonean gertatzen dira.
2.
Sarri esan ohi dogu: Kontsumoko bonbonkeriak kristau jaiak eta ospakizunak
gauzeztandu, barrutik hustu egiten dabezela: sakramentuak,
jaiegunak, baina gehien GABON
aldiko jaiak eta ospakizunak. "Zorionak" iragarki asko
baztarretan, argi ugari bris-bris, jai-saltsa nahibeste; baina Jesusen
Jaiotzako misteriorari ikuturik ere ez. Halako parrokiako horma baten agertzen
zan zerau: Ume Jesus txanpan-kopa zabal baten sartuta, eta alboan holan inoan: "Kontuz,
ez ito umea!". Txanpan-kopak ondo dagoz, baina bihotzak betetzeko,
beste zerbait gehiago behar da. Eta gu
horren bila gabiltz.
. Jainko, nire
Jainko zaitut, goizetik bilatzen zaitut.
Zure bila, barriro bizira deitzen deustazun horren bila.
Zure bila, nire bizia bizkortzen eta birbizten deustazun horren bila.
. Zure bila, nire bihotza argira zabaltzen dozun horren bila,
eta beti adi eta arduraz egotera
deitzen deustazun horren bila.
Zure bila, beti zeure
aurrean pozik eta beterik
ikusi nahi nozun horren bila.
. Zure egarri naz, zure maitasunaren egarri.
Zure egarri naz, zure bakearen eta parkamenaren egarri.
Zure egarri naz, zure garbitasunaren eta alaitasunaren
egarri.
JESUKRISTOREN BARRI ONA SAN LUKASEN
LIBURUTIK : Lk 1, 39-45
Aldi
haretan, Maria jagi eta bizi-bizi mendialdera joan zan, Judeako herri batera;
eta Zakariasenean sartu, eta Isabeli agur egin eutson.
Mariaren agurra entzun ebaneko, Isabeli
salto egin eutson umeak sabelean. Isabel Espiritu Santuaz bete zan, eta honan
esan eban oihu haundiz: “Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinatua zure
sabeleko frutua. Nondik niri neure Jaunaren Ama nigana etortea? Zure agurra
nire belarrietara heldu orduko, salto egin deust umeak pozez sabelean.
Zorionekoa zu, sinistu dozulako: Jaunak beteko dau esan deutsuna!”
a)
Mariak beragan dauka seintxoa; halako arazoa eta ardurea! Baina, batez ere,
halako poz-jarioa! Halan ere, bere buruaz ahaztuta, Elisabete lehengusinari
laguntzera doa; eta zelango poza bere etxean sartuaz bat: "Mariaren agurra entzun ebaneko, Isabeli salto egin eutson umeak
sabelean". Maria poza
dariola; jakina, barruan eukan iturria. "Gure aitita edo amama
poz-iturri da etxean, auzoan, parrokian..." Gura zeunke hori zeugaitik
ere esan eta entzutea? Zer egin horretarako? (Isildu eta konpartidu)
b) Bakotxak
barruan bizi doguna ateraten dogu argitara: gogo, asmo, egarri, eritzi,
amets...Kristau sinismena da zoriontasun-iturririk garden ugariena: "Zorionekoa
Zu, sinisten dozulako; Jaunak beteko dau esan deutsuna". Sinistea zera da: Esan deutsona
aintzat hartu eta bere aldetik beteten ahaleginduz. Sinistea bizia pozez eta
indarrez betetea da. Besteak poztuz, norbera pozez bete. Poz-egarri diran beste batzuengana ere eroan geinke
gabonaldiko zoriontasun hori? Zelan?
(Isildu eta konpartidu)
OTOITZA. Ate-joka zaitugu, Jesus laztana! Zain gaukazuz; Zeuretzat da nire etxeko
tokirik ederrena. Zu barik, Gabon-jaiak ilunak eta hutsak dira guretzat. Zugaz
batera zoriona eta bakea dator gugana. Gure etxeko mahaian leku bat hutsik
eukiko dogu: zatoz, zeurea da. Zuk ezin dozu jan-edan, baina bai zure ordezko
dan behartsu edo eskekoren batek. Zuri tokatzen jatzuna emongo deutsogu. Jesus
ona, bedeinkatu gagizuz etxe eta auzo, baita gure BIZIAN GORAko anai-arreba
guztiak ere. Zeure izenean, GUZTIOI ZORlONAK!
JESUSEN JAIOTZA
SARRERA
ABESTIA
1. Belengo
Jainko txikia, bai haundia! Guk asmatzen dogun Jainko haundia, bai txikia!.
Gizonak itxaroten eben Mesias, armaduna zan, geure arerioak zapaltzen
lagunduko euskuna; Mesias jakituna itxaron, eta berbetan ez dakiana
agertu; geure gatxak eta ezinak kenduko euskuzana itxaron, eta geu
baizen gauzeztana agertu. Eta, jakina, holangoa-rentzat ez dago ostaturik, ez
orduan eta ez orain! Guk dogun Jainko-irudia aztertzeko aukerakoa dogu Belengo
Ume txikia.
2. Eta guk
behar dogun Jainko Salbatzailea, maitagarria, geure tamainokoa, Belenen agertu
jakuna da. Ez da bildurgarria, maitagarria eta salbagarria baino. Belengo
Jainko jaiobarriak hankazgora ipinten deuskuz gure uste eta pentsamolde
guztiak. Ea bada, ez daigun Ume hau apainkeriz eta azal-huskeriz jantzi; hartu
ta besarkatu daigun Bera, dan besteko samur ta gurina. Aitita-amamak ilobakaz
errezu bat egiten dabe; baleiteke Belengo Txikiagaz ere hartuemon samurrak
izatea. Bera asmo horregaz hurreratzen da gugana.
. Bedeinkatzen
zaitut, Jauna,
bihotza pozez
gainezka;
gau ta egun, bai lanean, bai atsedenean,
Zu goraldu nahi zaitut.
. Ene Jainko, herri guziak goraldu zagiezala;
herri guztiak goraldu dagiela zure Izena eten barik;
zure bila ibili naz, Jauna, eta orain pozik daukat
bihotza,
nire bildur eta esturetatik askatu nozu-ta.
. Nire begiak Zuri begira daukadaz
eta zure argitan pozez betetzen dira;
zoriontsu sentitzen naz, bakez nago,
Zu goralduten zaitudanean.
JESUKRISTOREN
EBANJELIOA SAN JOANEN LIBURUTIK: Jn 1,
1-18
Hasieran bazan Berbea; eta
Berbea Jaungoikoagaz zan; eta Jaungoikoa zan Berbea. Berba hau hasieran
Jaungoikoagaz zan. Dana Berbearen bidez egina da; eta egindakoetan ez da ezer
Ha barik eginik. Haregan zan bizia. Eta bizia gizonen argi zan. Argiak
ilunpetan argi egiten dau; baina ilunak ez eben Ha onartu. Berbea zan mundura
etorritako gizon guztiak argitzen dituan benetako argia. Munduan egoan; eta
mundua Haren bidez egina da; baina munduak ez eban ezagutu. Bere etxera etorri
zan, eta bereak ez eben onartu. Onartu eben guztiei, barriz, Jaungoikoaren seme
izateko eskubidea emon eutsen, Haren izenean sinisten badabe.
Honeek ez dira odoletik sortu,
ez haragiaren nahieratik, ezta gizonaren nahieratik ere, Jaungoikoagandik
baino. Eta Berbea haragi egin zan, eta gure artean jarri eban bizilekua; eta
geuk ikusi dogu Haren aintza, Aitaren Seme bakarrari dagokion aintza, graziaz
eta egiaz betea.
a)
San Joanek,
bere Ebanjelioaren hasieran, Jesusen misterio osoaren laburpena eskeintzen
deusku. Baina kontua ez da Jesus Bera bai edo ez; Jesus eta gu baino.
Guk hartu edo itzi beharrekoa da, Berari bizitzako atea itxi edo atez
kanpo itzi: “Bere etxera etorri zan eta bereak ez eben onartu” Ikusten?
Gaurko kritsinau askoren antzera: ez dagoz Eleizearen kontra, Eleizearen
kontran baino; ez Jainkorik, ez Eleizarik ez balego lez bizi. Jesus
Jaungoikoraen Semea gutar egin danetik gora, ez dago neutral izaterik;
hartu edo itzi, kunplimentu gitxi.
Bizian Gora zabiltzanetik, Jesus hurrago, etxekoago egiten jatzu?.
Lagundu deutsu ezagutzen, Beragaz hartuemon maitekorrak egiten?
b) Jaungoiko
haundia hain txiki eta gauzeztana eginda agertu jaku... Bai, ba, inok bildurrik
hartu ez dagion, guganaino maitasunez egindako bidea, eta guk Berarenganaino
ere maitasunezko bidea egitea gura dau. Horretarako goi-argiak argi
egin behar deusku. Sinismen argia da
beharrezko Belengo misterioaren edertasuna dastatzeko. “Haregan zan bizia. Eta bizia gizonen argi
zan. Argiak ilunpetan argi egiten dau; baina ilunak ez eben Ha onartu”. Begiak
itxi edo eta argitatik ilunpera ihesi egin..., eta ez dagoala argirik esan! Zer
deritxazu? Gizakia, arpegiko begiz lez, bihotzeko begiz ere egia ikusteko da;
baina argiari harrika jardun, edo eta argiari irri eta barre egiten deutsonak
zer erakusten dau? Eta ni, zu, hori, gu argizale gara? Bizian Gorak emon deusku
argirik? Zetan? Argi horrek poza ala
bildurra emoten deutsu?
d) Jesus
Jainko Semea gizatu eta gero, ez dogu Jainko bila inora joan beharrik; geugan
dago, eguneroko gorabehera txikienetan, edozein unetan topez egiten dogu
Beragaz. Jakina, kristau gehienok fede-bizitzan miopeak jota gabiltz:
hain hur-hurrean, hain barru-barruan egon, eta ezin dogu Beragaz bat egin: “Berbea
haragi egin zan, ta gure artean jarri eban bizilekua” Aurkitu dot Jesus nire
bizitza barruan? Gure Bizian Gora taldea
Jesusen bizileku da? Zetan igarten deutsozu?
OTOITZA:
Gugana geure antzeko eginda zure Semea bialdu deuskuzun Aita Ona! Hau
Gabon-saria emon deuskuzuna! Mariagana lez, bialdu gugana ere Espiritu Santua,
Berak atondu eta garbitu dagiala gu bakoitzagan Jesusen bizilekua. Erakutsi
eiguzu, Aita, Zeuk gugan gorde deuskuzun opari zoragarri hau; munduko ondasun
guztiak hautsa besterik ez dira bere ondoan. Zeuk argituta, ezagutu dagigula
Jesus, eta Berari entzunaz eta jarraituaz,
heldu gaitezala Zeugana.

No hay comentarios:
Publicar un comentario